Esgrima

Esgrima

Info

Larraina Kirol Zelaiko esgrima-atalak etorkizun oparoko gazteen talentua du. Kluben Liga Nazionalean parte hartzen dute, gizonezko zein emakumezko taldeekin.

Esgrima banakako borroka-kirola da, eta arerioa arma batekin ukitzea du helburu. Arma hori sablea, ezpata edo floretea izan daiteke.

Edozein adinetako pertsonentzako kirola da, eta gorputz osoarekin egiten da ariketa. Oreka, abiadura, elastikotasuna, koordinazioa eta gorputzaren kontrola dira esgrimaren zutabeak, eta, horregatik, garrantzi handia ematen zaie bai hasierako ikaskuntzan, bai praktika aurreratuan.

Banaka egiten den kirola izan arren, taldean entrenatzen da; izan ere, tiratzaileak beti beste tiratzaileen laguntza behar du hazteko, eta berarekin hazten laguntzen die gutxien aurreratuta daudenei. Bakoitzaren aurrerapenak guztien lanaren emaitza dira.

Esgrima kirol intelektuala da, intuiziozko ahalmenak eta erabaki eta ideien azkartasuna garatzen baititu. Bestalde, lasaitasuna eta zuhurtzia ematen ditu, norberaren senak geldiarazten eta arriskua saihesten irakasten duelako. Horregatik esaten zaio esgrimari xake fisikoa.

Larraina Kirol Zelaiko Esgrima Eskola Richard Vicuña maisuak eta Arturo Berrio entrenatzaileak zuzentzen dute.  Gaur egun, klubak florete modalitatea bakarrik lantzen du, eta modalitate horretako Espainiako iparraldeko klub handienetako bat izatea lortu du.

Larraina Kirol Zelaiko esgrima-atalak Kluben Liga Nazionalean parte hartzen du, gizonezkoen zein emakumezkoen taldeekin.

2021-2022 denboraldia: 2021ko irailaren 13tik 2021eko ekainaren 17era

Nafarroako Esgrima Federazioari buruzko informazio gehiago: www.fnesgrima.com/

Osasun- eta kirol-arloan etorkizunean ezar litezkeen araudiek Larraina Kirol Zelaiko kirol-plangintza alda dezakete, COVID-19ak eragindako pandemiaren inguruko indarreko protokoloak eguneratu ahala. Aldaketa horien berri emango diegu gure bazkide eta kirol-erabiltzaileei (edukiera murriztea, jarduerak etetea, ordutegiak aldatzea, etab.).

Esgrima

ORDUTEGIAK

HASTAPENA (2006->) 
Astelehen eta asteazkenetan, 18:00etatik 19:30era

SAKONTZEA 
Astelehen eta asteazkenetan, 19:30etik 21:30era

TALDE NAZIONALA 
Astelehen, asteazken eta ostiraletan, 19:00etatik 21:30era

Esgrima

Historia

IBILBIDEA

Nafarroako Aurrezki Kutxa 97/98 ikasturtean SPARTA gimnasioan antolatzen hasitako ikastaroei esker hasi zen praktikatzen esgrima Nafarroan, hain zuzen ere, finantza-erakunde horrek CLUB10 eta MEGAPLAN bezeroentzat eskaintzen zituen jardueren barruan. Hainbat urtetan, hiruhileko ikastaroak antolatu ziren, asistentzia-maila onarekin. 1999. urtean, ikastaro horietan parte hartzen zuen talde batek Nafarroako Esgrima Kluba sortzea erabaki zuen, kirol horren ezagutza eta praktika sustatzeko, batez ere Nafarroaren barruan.

Hasiera-hasieratik, esgrimak Nafarroan izan duen bilakaera Antonio Solivera esgrimako maisuaren eskutik egin zen. Antonio Solivera arma-maisu nazionala da, Logroñon bizi da eta curriculum zabal eta aberatsa du, bai kirol honetan eta bai beste tiratzaile batzuen prestakuntzan. SPARTA gimnasioan antolatu ziren hiruhileko lehen ikastaroetatik, eskuzko eskolak emateaz arduratu zen, eta baita Nafarroan kirol hau ondo egiten zela zaintzeaz ere.

Nafarroan batere tradiziorik ez duen kirola egiten duen taldea izan arren, oso aktiboa zela erakutsi zuen, eta, sortu eta gutxira, Nafarroan egin zen lehen esgrima-txapelketa antolatu zuen, hain zuzen ere 1999ko abenduaren 18an. Gabonetako Txapelketa zen eta Nafarroako Unibertsitateko kiroldegian egin zen. Nafarroako hogei bat tiratzailek parte hartu zuten ezpata kategorian, gizonezko nahiz emakumezkoetan, eta ikusle asko bertaratu ziren, kontuan hartuta ordura arte Nafarroan kirol hori oso jende gutxik ezagutzen zuela.

Ondoren, hainbat urtez, Nafarroako Esgrima Klubaren jarduerak behera egin zuen nabarmen, batez ere erakundeen laguntza faltaren eta kide aktiboenetako batzuek kirol horren antolakuntzari eta sustapenari lotuta jarraitzeko zuten zailtasunaren ondorioz.

NAFARROAKO ESGRIMA FEDERAZIOA ERATZEKO BIDEAN

Une horretan, esgrimako beste klub bat sortu zen Nafarroan, Antso VII.a Esgrima Kluba izenarekin. Klub horrek indar handiz hartu zuen txanda kirol hau sustatzeko lanean, eta modu desinteresatuan lagundu zien esgrima praktikatzeko interesa zuten guztiei. Nafarroako Esgrima Klubeko kide batzuk klub berriko jardueretan parte hartzen hasi ziren, eta Antso VII.a Klubeko arduradunek egindako lan bikainaz baliatzen ziren, klub horretako kide guztiek adeitasunez hartu baitzituzten.

Bere lan onari esker eta bere jarduera sustatzaile handiaren ondorioz, Antso VII.a Esgrima Klubeko arduradunek mugarri batzuk lortu zituzten Nafarroan kirol hori garatzeko orduan. Alde batetik, Nafarroako kirol-arduradunekin harremanetan jarri ziren, eta behar zen finantzaketa eta behar besteko laguntza lortu zuten eskualdeko hainbat txapelketa eta torneo antolatzeko (aipamen berezia merezi du Nafarroako Erresumako Txapelketak). Txapelketa eta torneo horietara inguruko federazioak (Euskadikoa eta Errioxakoa) gonbidatu dituzte, eta arrakasta handia izan dute parte-hartzeari eta ikusleei dagokienez. Bestalde, Espainiako Esgrimako Errege Federazioaren ordezkaritza bat sortu zen, etorkizunean Nafarroako Esgrima Federazioa sortzeko lehen urrats gisa.

Nafarroako Esgrima Klubeko kide izandako batzuk esgrimara itzultzearen ondorioz, kluba indartzea erabaki zen, beste zuzendaritza batzorde bat eratuz. Hasiera batean, berriz ekin zitzaion jarduerari Antso VII.a Klubarekin batera, Antonio Solivera Nafarroarako maisu ofizialak emandako eskoletan parte hartuz, eta ezohiko batzar batzuk antolatzea planteatu zen, kluba Nafarroako Esgrima Ordezkaritzaren barruan eta esgrimaren panorama nazionalean sendotu eta finkatu dezaketen jarduerak proposatu eta ezartzeko xedez.

NEK berriz martxan jartzearekin batera, hirugarren esgrima-kluba sortu zen: Falcata Esgrima Kluba. Horrekin, hiru dira Nafarroan esgrima-eskolak ematen dituzten klubak, bertan pixkanaka bere historia eraikitzen ari den kirol-diziplinarako etorkizun oparoa ziurtatzen duten hiru klub.

ESGRIMAREN EZAUGARRIAK

Esgrima kirol osoenetako bat da ariketa fisikoari dagokionez, eta, aldi berean, erakargarrienetako bat, adimen-garapenerako. Hor dago bere arrakastaren gakoa: bere praktikatik eratorritako gaitasun mental eta fisikoen arteko oreka.

Emozioz betetako kirola da, batez ere, kontzentrazioa, abiadura, oreka eta koordinazioa lantzen dituena. Ihesbideko jarduera bat da, erreflexuak arindu eta adimena zorrozten duena. Alderdi fisikoari dagokionez, azkartasuna, trebetasuna eta indarra areagotzen ditu. Gorputz osoak hartzen du protagonismoa kirol honetan. Hankak desplazatzeko erabiltzen dira, eta besoak, armarekin mugimenduak egiteko.

Gaitasun fisiko guztiak lantzen dira:

  • Erresistentzia: Borroka baten iraupenari eraginkortasunez egin behar zaio aurre.
  • Indarra: Besoak, hankak eta enborra indartzen dira, armaren pisuari eta esgriman behar diren posizio teknikoei aurre egin ahal izateko.
  • Abiadura: Zenbat eta azkarrago gauzatu ekintzak, are eta arrakasta handiagoa ukituak lortzeko orduan.
  • Malgutasuna: Gorputzeko segmentuak zabaltzeko zenbat eta gaitasun handiagoa izan, are eta mugikortasun handiagoa ukituak lortu ahal izateko.

Adimenari dagokionez, ezaugarri psikiko garrantzitsuenak hezten dira: borondatea, autokontrola, ekimena, segurtasuna, adimena eta gizabanakoaren diziplina anitzeko jardueran beharrezkoak diren ohiturak eta gaitasunak eratzea.

Bitxia badirudi ere, esgrima kirolik seguruenetako bat da. Segurtasuna da gure ikasleei irakasten diegun aurreneko gauza. Lehenik eta behin, ezinbestekoa da egiten den kirolarekiko errespetua izatea; izan ere, soinean horrenbeste babes eramaten dugun arren, azken finean erabiltzen duguna arma bat da.

FUNTZIONAMENDUA

Esgrima-eskolako eta hastapen- eta sakontze-mailako eskolako taldeen plangintzaren helburua da denboraldia 0 mailatik hasi eta ikasturtean zehar ekintzak ikasten eta errepasatzen joatea. Ikasturte guztien egitura antzekoa da, eta, ekintza bat menderatzen denean, zailtasuna handitzen da.

Planifikazioa pixka bat lotuta dago estatuko eta nazioarteko taldearenarekin, asaltoak egiten diren jardunaldiak bat etor daitezen eta lehiaketa-egoera baten ahalik eta lan-giro antzekoena sor dadin.

Estatuko eta nazioarteko taldeak estatuko eta nazioarteko lehiaketa-egutegian oinarritutako urteko plangintza du. Entrenamendu-zikloak erabiltzen dira xede-lehiaketetara sasoi onenean iristeko.

Kasu guztietan, denboraldi hasieran azaltzen da talde bakoitzean egingo den lanaren urteko plangintza.

Talde guztien saio gehienak eredu honen araberakoak izaten dira:

  • Beroketak eta luzaketak
  • Desplazamenduak eta lan fisikoa
  • Binakako lana
  • Asaltoak
    TALDEAK ETA MAILAK

    Larraina Kirol Zelaiaren esgrima-atalak hiru maila ditu:

    Larraina KZ esgrima-eskola: 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat. Esgrima-eskola esaten zaio helburua ez delako lehiaketa, oinarrizko teknikak, posizioak eta desplazamenduak ikastea baizik. Baita jolasaren bidezko lehen asaltoak egitea ere.

    Hastapena eta sakontzea: Esgriman hasten diren 12 urtetik aurrerako kirolariak edo maila altuan lehiatzeko helbururik gabe mantentze gisa praktikatzen dutenak. Entrenamendua estatuko eta nazioarteko taldearekin batera egiten da, taldea premien arabera banatzen duten bi entrenatzailerekin.

    Estatuko eta nazioarteko taldea: Esperientziadun kirolariak, estatuko eta nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko helburuekin.  Entrenamendua hastapen- eta sakontze-mailako taldearekin batera egiten da, taldea premien arabera banatzen duten bi entrenatzailerekin. Horrez gain, kirolari horiek gimnasioko saioak, banakako eskolak eta goi-errendimenduko kirolarientzako bestelako osagarriak egiten dituzte.

    Esgrima

    ENTRENATZAILEAK

    Richard Vicuña Saiz

    Hastapena eta sakontzea eta estatuko taldea

    Arturo Berrio Fernández

    Larraina KZ esgrima-eskola

    Esgrima

    TALDEAK